Lapurdi

lapurdi.png
Hiriburua Baiona
Eremua 858 km2
Biztanleria 205.000
Dentsitatea 238,9 bizt/km2

Lapurdik 860 km2 ditu eta Iparraldeko mendebalean jarria da.

Lurraldea, kuaternario garaian itsasoari hartu eta pausatu ziren lurrez egina da eta iparraldean Aturri ibaiak mugatzen du eta hegoaldean Bidasoak.

42 hiri dira eta 200 000 biztanlez goiti. Hiri nagusiak kostaldean kokatuta daude: Baiona, Biarritze, Angeluk osatzen dute CABAB izeneko Aglomerazio Komunitatea 140 000 bizilagunekin. Barnealdean, ekialdean, hiri handiena Hazparne da eta Errobi bazterrean Uztaritze, probintziaren hiriburu egon zena 1789 arte.

Lapurdik bazter ezberdinduak dauzka : ondartza, itsas ezponda, baserri perdeak, bainan ere mugan mendi batzu, nola Artzamendi, gorena, 926 metrorekin, Larrun, bere behatoki ederrarekin, 900 m, eta Urtsu, 678 m, mendigune primario bat,

Pirineotako mendi lerrotik behexia gertatzen dena. Ibai nagusiak dira : Aturri Landesetarik mugatzen duena, Bidasoa Gipuzkoatik bereizten duena, Urdazuri Ziburura doana eta Errobi, luzeena 78 kilometrorekin, Arnegi eta Ezterenzubitik datorrena.

Jendeen lehen bizi aztarnak 45 000 urtekoak dira eta aurkitzen ahal dira besteak beste Sarako lezeetan. Laugarren mendea arte erromatarrek beren menean atxiki zuten bereziki Lapurdum (Baiona) hirian jarri soldadoekin eta Imus Pirinaeusera (Donazaharrera) zoan bidearen kontrolarekin. Ondotik, leinu baskoiek gaina hartu zuten gaurko Akitania guzian, berantago Lapurdi Nafarroako Erreinuaren zati izan arte, hori Antso Handia erregearen denboran argi da Milagarren urtearen inguruan. Itsasoak toki handia hartu du Lapurdiko bizian. Hartarik jin ziren normandiarrak eta kasik mende batez Baiona aldean egon.

Beren itsas eta untzigintzaren jakitatea ekarri zuten, horrek berantago euskaldunen fama berezia eginen zuen. Baiona, lehengo Lapurdum, apezpikutegi bilakatu zen eta Lapurdiko bizkondearen egoitza. 14. mende hastapenean Baiona eta lapurtarren arteko gerla baten gatik, botere inglesak Baiona bereiztu zuen Lapurditik eta Uztaritze hiri nagusi eta Biltzarraren egoitza bilakatu zen eta hala egon zen 1789a arte, Baionak burujabetasun zerbait zuelarik.

Akitaniako Eleonor erregina Inglaterrako Plantagenet erregearekin ezkondu zelarik, Lapurdi, bere ontasuna zena, inglesena bilakatu zen. Frantses erresumak hartu arte 1451ean aro jori eta aberatsa izan zuen. Makean Belzuntztarren egoitzan izenpetu “Aiherrako Hitzarmenak” zuen lurralde honen frantses finkatzea erabaki. Lurralde honen aberastasuna parte handiz kostaldetik jin da, bereziki Donibane Lohizuneko portuaren garrantzitik. Balearen ihizia itsas bazterretan 16. mendea arte eta berantago Ternuako itsasaldeetan, baita ere bakaloaren arrantzak ondorio handiak ukan zituzten. Baiona untzigile, negozio eta armadore zentru handia izan da. Frantzia eta Espainiaren arteko gerlek kalte handiak ekarri dituzte. Nafarroaren konkista garaian Baiona setiatu zuten, Donibane Lohizune, Ziburu erre zituzten, 1794.ean hasi Iraultzako gerlek edo Napoleon tropek Espainiatik itzultzean egin makurrak gogoetan dira.

Egun, jendetza gero eta handiagoa du Lapurdik, hiriguneetan biltzenb da jendea, kostalde turismoak itxuraldatua du, arrantza eta industria ohizkoak arras apalduak dira, bainan hirugarren sektorea arras goiti doa. Gipuzkoareki harremlanak indartzen ari dira eta Baiona-Donostia « eurohiria » garapen ardatz nagusi bezala jartzen ari da. Baiona unibertsitate zentru bilakatzen ari da 2008 urtean irekiko den eremu berriarekin Gaztelu Berrian. Biarritzeko aireportuak arrakasta handia du, AHT treinbide berria etortzekotan da, autobidea zabaldu behar dute, guziek probintzi honen garapen eta garrantzia azpimarratzen dute.

Ainhoa

ainhoa.png
Koordenatuak 43° 3′ 0″ N, 1° 5′ 0″ W
Eremua 16 km²
Biztanleria 599
Dentsitatea 37 bizt/km²
 

Ainhoako bazterrak 400 hektara dituen herriko oihan zabal batek azpimarratzen ditu. Oihan horren erdian kokatzen den Autxenbordatik hasten dugu ibilaldia, lehengo meategi eta labeen eremuetarik hurbil. Mugatik hurbil da gune hori eta auzoko herria den herri nafartarrarekin, Urdazubirekin, hartu eman asko izan dira mendeetan zehar. Etxe horretako familiak agertzen du eskualdeko jende ainitzen bizia, artzaintza, hazkuntza, lan dorpea, baina ere desterratzea Ameriketara joatearekin.

Dantxaria, dantzari famatu baten oroitzapenez hala izendatuak, mugako bizia eta negozioa erakusten ditu oraindik. Ainhoa, alabainan, komertziogune handia izan da eta trikaldi eremu Nafarroa eta Baionaren arteko harremanetan. Arantzako Ama Birjinaren kaperatik bazter miresgarriei so egiten zaie eta Louis Dufauk hainbat kontakizun gogorarazten dizkigu. Auzapeza zen Saint jean jaunak bere herriaren griña batzu erakusten dizkigu ere eta, azkenik, Henri Daguerre, pottokaren oraia eta geroaz ari zaigu, gure mendietako abere honen bizia aipatuz.

Beskoitze

beskoitze.png
Koordenatuak 43° 27′ 39″ N, 1° 19′ 57″ W
Eremua 31.29 km²
Biztanleria 1.988
Dentsitatea 63,54 bizt/km²
 

Beskoitze herrian egon zen apez protestanta gisa Joanes Leizarraga, euskaraz Biblia lehendabiziko aldiz itzuli zuena Albreteko Joanaren manuz. Lapurdi eta Nafarroaren mugan den herria, Aturriko ibaigunetik hurbil, herriaren historia Bidaxuneko Agarramontarrenari arras lotua da. Ugutz eta Iker Robles Arangiz Henri Duhau eta bisitarazle ditugu. Iragan ospetsua duten etxeak, gatz guneak eta beren industria, joan den gerlako gertakari batzu, nola Rufino jauregiren pasaia ixilak, Stalinen organo entsegu bereziak, baserri mundua, Otxalde bertsulari ezaguna, biziarazten dira hainbat ixtorioen erdian.

Ezpeleta

ezpeleta.png
Koordenatuak 43° 33′ 0″ N, 1° 45′ 0″ W
Eremua 27 km²
Biztanleria 1879
Dentsitatea 70 bizt/km²
 

Ezpeletako ikusaldia hasten da Graxi Florence auzapezarekin eta Panpi Olaizola zinegotziarekin egin solasaldiarekin Herriko Etxean. Azken urteetako kanbiamenduak aipu dira, batez ere egoitza horren historia agertzen delarik. Hor bizi ziren, gotorleku indartsu honetan, Ezpeletako baroiak garrantzi handia ukan zutenak Lapurdi eta Nafarroako historian.

Herriko euskararen alderako hizkuntz politika aipu da ere. Ondotik, Eugénie eta Pierre Halty komertzianteen etxera goaz eta beren lehengo lanaz mintzo zaizkigu. Ezpeleta pilotaren leku handia izan zen eta dauka oraindik Euskal Herriko pilotaleku zaharrenetarik baten aztarna, hor pasaka, tennisaren arbaso izan den jokoan ari ziren. Karrika nagusiak bere arkitektura hiritar berezia erakusten digu eta Peio Dospital ezagunarekin aipatzen dira ere betisoak, mendietan aske bizi diren behi basa arraza berezikoak. Ibilaldia Basaburun bururatzen da, horko meategi zaharren aipamenekin bazter ingurumen zoragarri batean. Hor aurkitzen dugu Sauveur Noblia, biperraren hazkuntza erakusten diguna eta haren garapena lagundu zuena.

Hazparne

hazparne.png
Koordenatuak 43° 38′ 0″ N, 1° 3′ 0″ W
Eremua 77 km²
Biztanleria 5477
Dentsitatea 71 bizt/km²
 

Hazparnek bere 7700 hektara lurreken Lapurdiko hamarrena dauka. Lapurdum, hots Baiona eta Imus Pirinaeus, Donazaharreren artean kokatua, erromatarren garaian hirian aberatsa zen. Tokiko ordezkariak, Verus izenekoak, Erroman Novempopulania, Bederatzi Populuen autonomia ardietsi zuen eta hor famatua den harri batean idatzi. Jano Arotzarena eta Jakes Casaubonekin Lapurdi barnealdeko hiri nagusiaren historia aipu da, hiriaren lanak agertuz.

Elizaberri auzoan Iraultza denbora gertakariak gogoratzen dira baita ere Jean Larralde apezaren obra berezia. Martin Larralde, “Bordaxuri” galeriano dohakabea ere aipu da, Plumagaineko premua aitari jazarri zena hil zen galeretan 1821ean. Tokiko toberen ohituraren ondorio latzak ere oroitarazten da.

Christian Laxaguekin Hazparne pilota ohidura handia erakusten da baita ere Zapata lantegien garrantzi handia. Pierre Ipuyri esker Misionesten Kapera bisitatzen da, arkitektura obra ederra, bere pintura eta mosaikekin. Herriko itzulia bururatzen da Kalbariora joanez eta hortik Zalduko gazteluaren ondarkinetaraino: hor, lehengo aitorren semeen ospearen oroitzapen histua gelditzen da, hiriaren ospe eta indarra zaukana.

Kanbo

kanbo.png
Koordenatuak 43° 21′ 0″ N, 1° 24′ 0″ W
Eremua 22 km²
Biztanleria 4416
Dentsitatea 196 bizt/km²
 

Kanbo zaharretik, behereko auzotik abiatzen da herriaren bisita, gaineko bide zaharraren sahetsean, hortik herriaren hiru zatiak argiki ikusten direla eta. Panpi Etxegoin gidari behereko auzoa bisitatzen da, han delarik Apeztegi-Chiquito pilotari zenaren fama handia. Hor aipu da ere lehengo ibaiaeko negozio gaitza, 11. mendetik 19.a arte iraun zuena. Eihera errotak, izokin arrantza mozkin handia ekartzen zuena aipu dira. Olhako auzoan lehengo olha eta aurre historiako bizia agertzen dira.

Maialen Etxebarriak Pablo Tillac Kanbon bizi izan zen artista handia aipatzen da et gero, Mixel Itzaina, herriko idazkari luzaz egon zenarekin herriko arta etxeen historia. Ur Onak aspaldiko mendeak geroztik baliatzen dira eta eritetxeek 19. mendea geroztik herriari fama gaitza eman diote. Alabainan Edmond Rostanden itzala hor da Arnagan. Elorri Mendin, herriak moldatu ibil eta egon gunera goaz, gainetik agertzen direla lehengo urre meategiak erromatarrek baliatu zituztenak.

Makea

makea.png
Koordenatuak 43° 20′ 6″ N, 1° 18′ 58″ W
Eremua 19,75 km²
Biztanleria 529
Dentsitatea 26,78 bizt/km²
 

Baigura eta Urtsu mendien artean kokatua, Makea herriak aldaketa handia jasan zuen Berria kooperatiba eta esnetegi handia jarri zelarik. Nekazari herri honetan artzaintza ainitz apaldu da eta Baiguran jarri da herrien arteko ausagailu gune bat. Jean Camblong auzapeza eta Arnaud Idiart laborari artzaina ditugu tokiko biziaren kondari. Honekin mendi erretzeak solasbide ditugu, horrek ekarri arazoekin eta baliapide eskasekin diren araudiak. Belzuntze eta Castelnau bizkondeek herriko bizia markatu zuten. Haiek utzi ondarea egun herritarrek baliatzen dute.

Senpere

senpere.png
Koordenatuak 43° 21′ 0″ N, 1° 32′ 0″ W
Eremua 65 km²
Biztanleria 4331
Dentsitatea 67 bizt/km²
 

Pierre Iturria dugu gidari bisita luze honen hastapenean. Ehun kilometro bide ditu herriak, eremuz zabalenetarik bat da eta bide zaharren kurutzatze garrantzitsu bat da. Kaskoetan, gotorleku zaharrak badira oraindik, hor jendeak gerizatzen zituztenak. Urdazuri ibaiak zeharkatzen du eta uholde lurrek bazter gizenak sortu dituzte. Herriak zazpi errota edo eihera bazituen, aberastasunak ekarriz.

Maiz aipatzen da Senpereko Jauna, Lapurdiko milizien buru zena, Ezpeleta, Hazparne edo Urtubiakoen lehiakide betikoa. Bere boterea haatik herritarren antolakuntzagatik aski mugatua zuen.

Ibarrune auzoa Senpere herriaren sorgune izan zen, pilotaren toki nagusi bat da ere, plaza laxo ederrarekin. Txistera hemen sortu zen. Inharria etxeak arkitektura ohargarria du eta lekuko oroitzapenen toki da. Hiri erdiari so egiten da eta behako bat ematen errota, eliza eta gazteluari. Auxtin Zamora idazle senpertarrak 1609ko sorgin auzi izigarrien aipamena egiten du, hor Pierre de Lancre epaileak bere auzitegia jarri baitzuen Frantziako erregeak agindu sorgin ihizi trajikoarenkari.

Beste auzo batzu ikusten dira ere, Amotze, Urguri, Olha eta karia hortara zernahi gertakari aipatzen da, nola Napoleon III.aren emaztearen egonaldiak edo tobera famatu batzu. Eraikitzen ari den presa handiaren ikustera goaz, uholdeetaz horrekin ibarre osoa Urdazuriren uholdeetarik babestu nahi dela eta.

Uztaritze

uztaritze.png
Koordenatuak 43° 24′ 0″ N, 1° 27′ 0″ W
Eremua 33 km²
Biztanleria 4984
Dentsitatea 152 bizt/km²
 

Michel Sarratia irrati kronikalaria eta Jano Larrondo herriko zinegotzia, herriko ondare eta historian egin bidaiaren gidari dira. Bizkondea bizi zen lehengo Lapurdiko hiri nagusi izan zen. Errobi ibaiaren gaineko negozio handiak markatu zuen, laborantza aberatsa hor eratu zen, lehendabiziko arto landak ere hor gertatu zirelarik 16. mendean. Gisa berean hiri arkitektura eder berezia dauka.

Pertsonaia andana batek ere herria markatu zuen, nola Iraultza denborako Garat anaiak, Mundutegi errepublikazale amorratua agertu zena, bainan ere Eugène Goyheneche historilaria edo luzaz hgor egon zen Piarres Lafitte kalonje jakintsuna. Komertzio zentru izan bazen herria, hezkuntza gune nagusi egona da ere, bereziko Seroren komentuko eskolarekin baita ere Semenario Ttipiarekin, egun San Frantses Xabierrekoaren eskola bilakatu dena. Herriko etxe batzuek sagardoaren egitearen edo puska biltoki haundien oroitzapenak dauzkate.

naturari eskainia