Pierre Iturria dugu gidari bisita luze honen hastapenean. Ehun kilometro bide ditu herriak, eremuz zabalenetarik bat da eta bide zaharren kurutzatze garrantzitsu bat da. Kaskoetan, gotorleku zaharrak badira oraindik, hor jendeak gerizatzen zituztenak. Urdazuri ibaiak zeharkatzen du eta uholde lurrek bazter gizenak sortu dituzte. Herriak zazpi errota edo eihera bazituen, aberastasunak ekarriz.
Maiz aipatzen da Senpereko Jauna, Lapurdiko milizien buru zena, Ezpeleta, Hazparne edo Urtubiakoen lehiakide betikoa. Bere boterea haatik herritarren antolakuntzagatik aski mugatua zuen.
Ibarrune auzoa Senpere herriaren sorgune izan zen, pilotaren toki nagusi bat da ere, plaza laxo ederrarekin. Txistera hemen sortu zen. Inharria etxeak arkitektura ohargarria du eta lekuko oroitzapenen toki da. Hiri erdiari so egiten da eta behako bat ematen errota, eliza eta gazteluari. Auxtin Zamora idazle senpertarrak 1609ko sorgin auzi izigarrien aipamena egiten du, hor Pierre de Lancre epaileak bere auzitegia jarri baitzuen Frantziako erregeak agindu sorgin ihizi trajikoarenkari.
Beste auzo batzu ikusten dira ere, Amotze, Urguri, Olha eta karia hortara zernahi gertakari aipatzen da, nola Napoleon III.aren emaztearen egonaldiak edo tobera famatu batzu. Eraikitzen ari den presa handiaren ikustera goaz, uholdeetaz horrekin ibarre osoa Urdazuriren uholdeetarik babestu nahi dela eta.